Bi kontsultategi eraiki ziren Bohïzra eta Diangobo herrietan, bai eta erizainarentzako etxebizitza ere. Kontsultategiek 180 eta 257 metro koadro dute, hurrenez hurren, eta etxebizitzak, berriz, 125 metro koadro. Hartara, osasun arreta 20.000 biztanle inguru duten 11 landa eremutan eskaini nahi da.

Bohïzra Zuénula herrian dago. Hiriaren iparraldean dago, 8 kilometrora, eta guró etniako eskualde baztertua da. Diangobo Yakassé Attobrou herriaren mende dago, eta horren hegoaldean dago, 7 kilometrora. Akié etnia bizi den eskualdearen erdigunea da.

Bi herriak herrialdearen erdialdean daude, Marahoué administrazio eskualdean bata, eta Agnebyn bestea.

Bi herriek nekazaritzan jarduten dute nagusiki. Lehenean sabanako laboreak lantzen dira (tuberkuluak, artoa, kotoia), eta bigarrenean esportatzeko laboreen eremu bitartekaria da (kafea, kakaoa, latexa).

Zuénula hirian ospitale orokorra dago. Hor lau mediku, bost emagin eta lau erizain daude eta horiek Zuénula eta Gohitafla departamenduen mende daude. Hala ere, ez dago beste osasun zentrorik herriaren mende diren gainerako herrixketan. Yakassé Attobrou herriak 25.300 biztanle ditu. Bestalde, Diangobon 5.030 biztanle dago. Yakassén Hiri Osasuneko Zentroa dago (mediku bat, erizain bat eta emagin bat) eta kontsultategi bat erizain batekin Biebyn (hegoaldean, 15 kilometrora), bai eta landa osasuneko zentro bat ere Abongouan, alegia, ekialdean, 16 kilometrora (erizain bat eta emagin bat). Ospitale hurbilena 25 kilometrora dago, Adzopé herrian.

Herrialde guztian bezala, gaixoen mediku arreta oso eskasa da. Eskaintzen diren zerbitzuak ez dira ez egokiak eta ez nahikoa. Honako faktore hauek eragiten dute egoera hori:

a) azpiegitura gutxi dago; dauden azpiegiturak utzikeria egoeran daude; ez dago materialik, sendagairik eta baliabide teknikorik. Osasun unitate askotan beharrezko baliabide teknikoak falta dira. Urritasun hori dela medio, gaixoaren eta osasun zentroaren artean dagoen distantzia sarritan gehiegizkoa izaten da.

b) osasun langile gutxi daude eta daudenek motibazio gutxi dute. Azpiegituren kasuan bezalaxe, langileak ere urri dira. Fenomeno hori are larriagoa da landa eremuetan. Horietan oso zaila da langileak lanerako instala daitezen.

c) osasun sistemaren kudeaketa eskasa. Landa eremuetan osasungintzak duen arazo nagusia mediku arretaren eta sendagaien finantzaketa da. Ez dago gizarte segurantzako sistemarik. Pobreenen osasun egoera, bereziki, nekazariena, gero eta okerragoa da.

Halaber, nabarmentzekoa da gaixo asko osasun zentroetara joaten direnean fase terminalean izaten direla. Hori, oro har, honako arrazoi hauek direla medio gertatzen da:

a) osasun zentroak urrun egotea.

b) aurrea hartzea eta atzematea falta izatea.

c) tratamenduak garestiak izatea: gaixoek azkeneko momentura arte itxaroten dute osasun zentroetara jotzeko.

d) osasun heziketa falta egotea.

Egoera hori bereziki kaltegarria da emakumeen kasuan; izan ere, haien egoera ekonomikoa ahula da gizonekin alderatuta. Sarritan seme‑alaben beharrei emakumeen aurre egiten dieten arren, gizonekiko mendetasun egoeran egoten dira; izan ere, askok ezin dute osasun gastuei aurre egin. Diru gutxi egonagatik ere, beti egongo da aski gizonen gastuetarako, baina ez da gauza bera gertatzen emakumeen kasuan.

Proiektuaren guztizko aurrekontua 142.291,55 eurokoa da. Eusko Jaurlaritzaren deialdira aurkeztu zen 2004an, eta 106.611,07 euroko diru laguntza jaso zuen.