San Miguel departamendua Salvadorren hego‑ekialdean dago, eta gaur egun milioi erdi biztanletik gora du. Hiriburua, San Miguel herrialdeko biztanle gehien duen hirietako bat da, eta hirugarren garrantzitsuena, San Salvador eta Santa Anaren atzetik. Josefino Vilaseca osasun zentroa Ciudad Pacifican dago, Chaparrastique sumendiaren magalean, San Migueletik 3 kilometrora. Hirigunean 25.000 biztanle inguru dago, eta beste 15.000 kantoietan eta inguruko landetxeetan.

Proiektuaren helburua Osasun Zentroa eraikitzea zen, bai eta osasun langileak nahiz onuradunak generoan eta osasunean gaitzea eta zentroak 9 hilabetez funtziona zezan bermatzea ere.

Proiektuan Josefina Seroren Kongregazioak Udalak eta Osasun Ministerioak parte hartu zuten. Honako ezaugarri hauek betetzen zituen zentroa eraiki, ekipatu eta abiarazi zen:

a) Osasunari dagozkion oinarrizko zerbitzuak eskaintzea: ginekobstetrizia, pediatria, medikuntza orokorra, kirurgia orokorra. Halaber, buru osasuneko arazoei arreta berezia eskaintzen die banako eta taldeko terapia, terapia okupazionala, eta abar eskaintzen dituen kontsultategian.

b) Genero ikuspegia barne hartzen du, langileak eta biztanleria trebatzeko lantegien bitartez, jarrerak aldatzeko, berdintasuna bermatze aldera.

c) Trebakuntza eta sentsibilizazio zerbitzuak eskaintzen ditu atzemandako arazo garrantzitsuenei dagokienez. familia barruko indarkeria, droga mendekotasuna, alkoholismoa, indarkeriazko gazte taldeak, eta abar.

d) Era berean, nerabeen arreta integraleko klinika ere badu.

e) Emakumeei laguntza psikologikoa eta juridikoa eskaintzeko bulegoa.

Proiektu honen ikuspegian, eragin handia izan dute 2002an gauzatutako proiektuko hausnarketek eta lanak. Hain zuzen, proiektu horren izena "Ospitalearen hedakuntza, arretan genero ikuspegia kontuan hartuta" zen, eta Lankidetzarako Ingeniaritza elkarteak eta Josefina Seroren Kongregazioak garatu zuten. Hain zuzen, alderdiek jo dute beste hainbat ekimenetara eramateko moduko eredua dela, osasunaren esparruan: kalitatezko osasun arreta doakoa, zeharkako hainbat ildorekin, hala nola genero ikuspegia, ingurumen alderdiak aintzat hartzea, eta abar.

Horregatik, litezkeen garapen estrategien artean, erabaki zen proiektua osasun estaldura hedatzera bideratuko zela. Horretarako, une estrategiko honetan Osasun Zentroa abiaraztean eskaintzen den aukera aprobetxatu nahi da, hartara, genero ikuspegia gauzatzen diren lanetan sartzeko, generoen arteko desberdintasunak desagerrarazte aldera. Tresna horiek biztanleria orokorrari nahiz zentroko bertako langileei zuzentzen zaizkie.

Hartara, bi ildoek (osasuna eta generoa) bat egiten dute proiektu bakarrean Mediku eta Gizarte Laguntzaren moduan:

a. Ciudad Pacificako biztanleei lehentasunezko oinarrizko osasun zerbitzuak dohainik eskaintzea, Osasun Zentroa sortze bidez.

b. Emakumeen botereaz jabetzea. Emakumeen eskubideen alde egitea, sustatzea eta kontzientziatzea. Horretarako, rol aldaketa sustatzen duten lantegiak antolatzen dira, emakumeei arreta juridikoa eta orientazio psikologikoa eskaintzen zaie, eta abar.

c. Nerabeen arreta integrala, beraiei zuzendutako kalitatezko osasun arretaren bitartez, eta, aldi berean, jokabide arriskutsuak saihesten laguntzen dieten trebakuntza eskainiz. Behar zehatzei erantzuteaz gain, talde hori nabarmendu egin nahi da, etorkizunean gizartean aldaketak sustatuko badira.

Egokitzat jo da proiektuak biztanleria orokorraren behar praktikoak, ezinbestekoak eta berehalakoak barne hartzen da, zehazki emakumeenak eta nerabeenak, baina garrantzitsua da interes estrategikoko beste hainbat ekintza barne hartzea jarrerak, rol nagusiak, eta abar, aldatzeko.

Proiektuan San Miguelgo udalak ere parte egin zuen, kongregazioarekin batera eratu zuen partzuergoaren bitartez. La Caixa fundazioak zentroko ekipamendua finantzatzen lagundu zuen, 91.000,00 euroko diru laguntzarekin.

Proiektuaren guztizko aurrekontua 1.058.179,97 eurokoa izan zen. Eusko Jaurlaritzaren 2003ko diru laguntzen deialdian, 472.323,80 euroko diru laguntza jaso zuen.