Lankidetzarako Ingeniaritza elkartean Josefina Seroren Kongregazioarekin batera lanean ari gara Nikaraguan, bai uneko ekintzetan eta bai irismen handiagoko proiektuetan.

Esparru horretan, Lankidetzarako Ingeniaritza elkarteko arduradunak hainbat alditan egon dira Buenos Airesko (Rivas departamendua) San Jose eskolan. Han, Kongregazioko arduradunekin elkarrizketak izan dituzte, bai eta irakasleekin, ikasleekin eta eremuko agintariekin ere (gobernadorea eta Hezkuntza Ministerioko ordezkaria).

Eremu horretan (herrialde guztian bezalaxe) oinarrizko zerbitzuen eskasia handia dago, are gehiago landa eremua izaki; izan ere, biztanleen guneak bereizita daude eta hirigune handietatik urrun.

Zehazki, San Jose eskola inguruan dagoen heziketa zentro bakarra da 10.000 pertsona inguru bizi den herrian. Halaber, mediku kontsultategi bakarra dago, osasun arreta txikiarekin eta sendagai eskasia larriarekin.

Eskolara distantzia handia dagoenez, eskola absentismo handia dago. Horrez gain, distantzia hori oinez egin behar denez, ikasleak nekatuta iristen dira eskolara, eta horrek arreta gutxitzea eta eskola errendimendua jaistea dakar. Tartean diren alderdi guztiek (tokiko gobernuz kanpoko erakundeak, familiak, agintariak, eta abar) egoera hori konpondu nahi dute.

Era berean, ospitale hurbilena Rivasen dago, eta garraio azpiegitura urriak daudenez, osasun arreta eskasa da; izan ere, gaixoentzat zaila da ospitalera joatea diagnostikoa edo tratamendua jasotzeko. Gainera, senideentzako ere zaila da behar bezalako arreta eskaintzea.

Lankidetzarako Ingeniaritza elkartean ikusi genuen beharrezkoa zela garraioa eskaintzea ikasleei eskola ordutegian, bai eta gaixoei eta haien senideei ere ordutegi osagarrian.

Proiektu honekin (Arabako Foru Aldundiak finantzatu zuen 2000 urteko deialdian) garraiorako ibilgailua eman zitzaien prestakuntzako eta osasuneko oinarrizko zerbitzuak Buenos Airesko (Nikaragua) San Jose eskolaren inguruko landaguneetako baliabide ekonomiko gutxiko haurrei hurbiltze aldera, bai eta inguruko gaixoak eta haien senideak Rivasko ospitalera eramate aldera. 31.861,09 euroko aurrekontuaren gainean, Arabako Foru Aldundiak 17.429,35 euro eman zituen.