Bi urte jarraitutan egindako bidalketei esker, Diriambako (Nikaragua) San Jose ospitaleko ohe guztiak berritu dira (ehun inguru).

Oheak itsasoz bidali ziren helmugara. Orain instalatuta daude eta aipatu ospitalean erabiltzen dira.

Oheekin batera, osasun ekipamenduak eta Gasteizko Krainel enpresak emandako lisaburdinak ere bidali dira. Lankidetzarako Ingeniaritza elkarteko kide Luis Mari Romano, beste hainbat lankiderekin batera, arduratu zen bidalketaren logistikaz. Bidalketa hainbat ekarpen pribaturekin eta Arabako Foru Aldundiaren laguntzarekin finantzatu zen. Hain zuzen, Arabako Foru Aldundiak 3.906,58 euro eman zuen bidalketa bakoitzerako.

San Jose Diriambako ospitale bakarra da. Osasun sare publikoaren zati da eta zerbitzuak doakoak dira. 70.000 pertsona ingururi eskaintzen dio arreta. 50 urte ditu, eta Lankidetzarako Ingeniaritza elkartearen beste hainbat proiektu ere gauzatu da han ospitalea handitzeko eta oneratzeko.

Oheak Gasteizko Txagorritxu ospitaleak eman ditu.