Proiektua Peruko Oihan Zentralean garatu da, Barinetti Real, Independiente eta Anexos sektoreetan, Pichanaki distrituan, Chanchamayo probintzian. Eremu horretan, nekazaritza da lanaren eta diru sarreren iturri nagusia. Labore garrantzitsuena kafea da, baina errendimenduek nabarmen egin dute behera azken urteotan. Gerrillaren eta armadaren arteko bortizkeria politikoak eta narkotrafikoak nabarmen eragin dio tokiko biztanleriari; izan ere, pobreziak eta laboreetarako lursailen utzikeriak gora egin dute.

Tokiko kidea Aprodes da. Erakunde horren gizarte egoitza Liman dago, eta horrekin batera beste hainbat proiektutan egin dugu lan. Distritu horretan hiru urte darama arrakastaz lan egiten, Chanchamayo probintzia bereko beste distritu bateko nekazaritza garapenerako alternatiba berrian. Esperientzia arrakastatsu hori beste eremu batzuetara hedatze aldera, Aprodes eta Lankidetzarako Ingeniaritza elkarteak proiektu berri bat aztertzen eta prestatzen ari gara: "Barinettiko landa garapen integrala". Horren helburua, garapen integrala eta sostengagarria bermatzen laguntzea da, landa esparruan kafe ekoizpena ingurumena errespetatuz onera dadin bultzatuz.

Proiektuaren asmoa Barinetti eta inguruko komunitate indigenetan kafe ekoizpena hobetzea eta indartzea da. Horretarako, trebakuntza eta laguntza teknikoko jardueren multzo integral berritzailea eratu da, plaga kontrola, kimu berriketa eta ongarri plana nahiz landareen inausketa barne hartzen dituena. Halaber, familientzako alfabetatze plana eta familia baratzen plana abian jarri dira.

Horri esker, kafe laborantzaren batez besteko errendimenduak, kudeaketa teknikoa, komertziala eta kudeatzailea (ekoizpen komiteen kredituei dagokienez) hobetu dira. Onuradunak 400 familia dira, batez bestez, 8 kide dituztenak. Gehienak Ashaminkas tributik datoz, hots, proiektua kokatzen den eremukoak bertakoak dira.

Aprodes eta Lankidetzarako Ingeniaritza elkarteen artean aurretik harreman onak egon direnez, proiektu hau 2000 urteko Eusko Jaurlaritzaren lankidetzarako eta garapenerako diru laguntzen deialdian aurkezteko aukera planteatu zen. Proiektuaren guztizko kostua 395.657,00 euro izan da, eta 238.869,00 euroko diru laguntza onartu da.