Comas distritua Lima hiriguneko eremu baztertua da. Hor, biztanleen %40k baino ez ditu oinarrizko gizarte zerbitzuak. Limaren iparraldean dago eta 500.000 biztanle ditu. Alegia, Lima hiriko distritu jendetsuenetako bat da. Biztanle gehienak Peruko beste departamendu batzuetatik etorritakoak dira eta baliabide ekonomiko gutxi dute.

Peruko Aprodes erakundeak (horiekin batera lan egin dugu hainbat proiektutan) azken bi urtetan lan handia egin du Comas distrituan teknika eta giza sustapenean. Garapen programa horrek, besteak beste, garrantzizko esparru guztietan emakumeak sustatzea barne hartzen du, batez ere jarduera ekonomikoetan parte hartzeari dagokionez.

Horren harira, Aprodes eta Lankidetzarako Ingeniaritza elkarteek emakumeek zuzendutako edo emakumeen jabetzeko merkataritza eta ekoizpen mikroenpresak sustatzeko proiektua sustatu dugu, Comas distrituan pobrezia larrian bizi diren pertsonen bizi kalitatea hobetze aldera.

Proiektuaren guztizko aurrekontua 248.320,00 euro zen, eta 2001eko Eusko Jaurlaritzaren deialdian 125.355,00 euro jaso zituen, alegia, %50,5.

Guztira, Comas distrituko 1020 enpresari txiki izan ziren onuradunak.

Proiektua Aprodes elkarteko talde tekniko profesionalak gauzatu zuen. 2001eko abenduan hasi zen eta 2003ko azaroan amaitu. Hainbat jarduera abian jarri ziren enpresa kudeaketako ikastaroak antolatzeko: merkataritza eta salmentak, inbentarioak eta kontu sistemak eta marketinga negozio txikietarako. Horiekin, enpresari txikien errentagarritasuna optimizatu nahi izan da. Laguntza teknikoa Aprodes elkarteko talde profesionalak eman zuen. Banaketa eta kreditu programa onuradunen txandakako funtsen bidez garatu zen eta Banaketa zerbitzuetarako eta trebakuntzarako zentroa eratu zen.

Jarduera osagarri gisa, enpresari txikiei merkatuetako fatxadak pintatzeko materiala eman zitzaien (hornidura azoketan). Halaber, segurtasun eremuak seinaleztatu ziren seismo kasuetarako, bai eta ebakuatzeko irteerak eta su itzalgailuak ere. Desinfekzio eta garbiketa kanpainak egin ziren merkatuetan eta beste esperientzietara eraman zen bai Liman eta bai Chanchamayon, Junin departamenduan (Peruko oihan zentrala). Halaber, trebakuntzaren baitan, nabarmentzekoak dira merkatu lidergoari eta antolamenduari dagokion garapena. Hain zuzen, proiektuaren onuradunei hori irakatsi zaie, bai eta familia indarkeriaren gaineko gai prebentiboak azaldu ere.